XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai, ni ere eskultura bihurtuko nintzen.

- Zer gertatzen zaizu? Mareatu egin al zara? -galdetu zidan bapatean mugitzen ez zen artista hark.

- Ez, ez da ezer. Zu ikustean tximista batek jota bezala sentitu naizela, ez da besterik -erantzun nion.

- Mila esker -esan zidan berak harrizkoa bezala bergeldituz.

Arratsalde hartan bertan, ixteko ordua baino piska bat lehentxoago, museora sartu eta gogoan neukan pasilurantz zuzendu nituen pausoak.

Bai, hantxe zeuden eskulturak eta eskultura oinarriak.

Pentsamendu, hausnarketa eta dudak alde batera utziz, plana betetzeari ekin nion.

Bai, oinarri haietako batera igo behar nuen, eta eskultura baten tankera guztia hartu.

Begiratu nuen alde batera eta bestera: ez, pasiluan ez zegoen inor. Jende guzti-guztia Velazquez eta Goyaren aretoetan pilatzen zen.

Jauzi bat, eta hantxe nengoen ni, Erromako bi senatoreren artean.

Berak marmorezkoak zirela eta ni ez, hortxe zegoen desberdintasuna.

Horretan eta nik lepoan neraman txartelean. Bambulillo izututa Moncloako fusilamenduekin, jartzen zuen txartel hartan. Bai, horixe baietz, laster egongo zen txartel hura behar zuen lekuan.

Pittinka-pittinka museoko zarata eta marmarrak ixilduz joan ziren, eta argiak ere, nolabait esateko, ixildu egin ziren, itzali alegia.

Hau duk lasaitasuna, hau, pentsatu nuen posturaz aldatuz.

Ez baitzen inor azaltzen ni nengoen pasilu zoko hartan, eta gustura baino gusturago bainengoen senatore erromatar haiekin.

Baina, badakizue, kontinenteko zakurrik baikorrenetakoa naiz, eta orduan ere baikor nenbilen, baikorregi.